Zientzia eta gastronomia

Jakintzaren zaporea

Sagarrak ez dira modu berean erortzen Newtonek grabitatearen indarrak sagarrak lurrerantz erakartzen dituela azaldu zigunetik. Era berean, xerrak ez dira berdin erretzen, horien barnean, kozinatu bitartean, eskala molekularrean, Maillard erreakzioa izeneko prozesu kimikoa gertatzen dela dakigunetik. Ondorioak, hots, gainazalean ikus daitezkeen efektuak (sagarra lurrean, txuleta errea), berdinak izaten jarraitzen dute. Baina, gaur egun, badakigu zergatik gertatzen diren.