Geroa dastatuz

GEROA DASTATUZ

Etorkizunaz gozatuz

Galdetzea erantzutea baino zailagoa da, bereziki, erantzunak idatzita badaude eta soilik eskura ditugulako begiratzen baditugu. Galdetzea, gainera, ez da ekintza errugabea; galde batek, interesgarria izango bada, maltzur izan behar baitu: etorkizuna aurreratu behar du, eta, horretarako, itxura emango dioten joerak iragarri behar ditu. Beraz, begirada argiak baino, begirada lausoak proposatzen ditugu, testuinguru likido eta desordenatuan.

Zergatik jaten dut jaten dudan moduan? Nolakoa izango da etorkizuneko janaria? Desberdindu ahalko al ditugu benetako janaria –dena delako hori– eta jangarria besterik ez dena? Zer jangura aseko du, eta zer gose, gabezia edo nahi motari erantzun ahalko dio?

—-

Nola egin aurre zorioneko entropiari? Elkarrizketa itxura hartuko al du gastronomiak ala heldu ezingo den nahaspila izango al da? Zer presentzia izango du goi-mailako sukaldaritzak etorkizun hain zalantzagarrian? Gutxi batzuek bakarrik eskuratu ahalko duten zerbait izango al da ala bikaintasuna gizarteari know-howa transferitzea dela ulertzen duen fenomenoaren aitzindari izango al da?

Nola egingo diogu aurre gauzen Interneten edo algoritmoen artean solaskide berriak sartzeari jakinik, iritzirik ematen ez duten arren, errealitateari itxura emateko sekulako gaitasuna dutela? Fake newsen logika ezarriko al da edo gizakiaren narrazio-gaitasuna babesten lagunduko duen gotorleku izango al da janaria? Non amaituko du mahaiaren inguruan sortzen dugun informazio-zaparradak? Guztiok izango al dugu eskura ala datu-meatzaritzako adituentzat bakarrik izango al da?

Zer-nolako presentzia izango du sukaldaritzak hedabideetan? Gai izango al da «giza intereseko» ikuskizun –manipulatu besterik egiten ez duena– izatera bakarrik eramango duen hutsaltzea saihesteko, edo eboluzionatzea aukeratuko al du? Sukaldari eta kritikari gastronomikoek eskuratutako boterea galduko al dute, gainezka egingo al die edo partekatuko al dute? Zer gertatuko da jaten dugunaren balorazioarekin? Ulertuko al da sukaldaritza chefei eta jatetxeei buruz hitz egitea baino askoz ere gehiago dela?

—-

Gastroaktibismoaren alorrean: aurre egin ahalko al dio gastronomiaren mugimendu sozialak bizitzen ari garen aldaketa bizkorrari behetik? Janaria fetitxe identitario berria izango al da, babesa emango duen erlijio berria, ala janaria tresna gisa hartuz mundua beste era batera osatzeko asmoa duen mugimendu hedatu batera joango al gara? Gero eta ezagutza gehiago eskatzen duen gizarte honetan, jaten duguna izaten jarraituko al dugu, ala, aitzitik, «zer jaten dugun ezagutzen duguna»? Sukaldaritzak ulertuko al du noizbait gastronomia «soziala» karitatearen edo ekintza humanitarioaren sinonimo baino gastronomiak, gizartearekin konektatzen denean, eskuratzen duen adierazpena dela?

Nola erabiliko dute estatuek gastronomia beren sustapen-estrategietan? Nola kudeatuko dute chefek beren omen handia? «Berriz kozinatzea», «berriz kultibatzea» eta «berriz batera jatea» bezalako mezu argiak eta pedagogia behar dituen aldaketa baten bozeramaile bihurtuko al dira? Lortuko al dute erakustea «azkarra, gozoa eta osasuntsua» dena posible dela egunerokotasunean? Nola lagun dezake gastronomiak gosearen arazoa konpontzen iruzurrean erori gabe? Zer kutsu hartuko du genero-berdintasunaren aldarrikapenak sukaldaritzan, #MeToo mugimenduaren garaian? Buruan sartuko al dugu, behingoz, jasangarritasuna, silaba askoko hitza izateaz gain, gure bizitza, aisialdi eta lanaren inguru hurbiletik hasten dela?

——-

Lortuko al du gastronomiak zientzia-estatusa? Zer jarraitutasun izango du gastronomiaren eta beste diziplina zientifiko batzuen arteko lankidetzak? Adostasun adeitsua besterik ez al da izango ala elkar kutsatu eta ziurgabetasun erradikalari irekitako esperimentazio-espazio komuna sortuko al du? Gastronomiak lagunduko al du, bere izaera transdiziplinarioa dela medio, ezagutzaren mahaira gonbidatutako jakintza-erek behingoz beraien artean hitz egiten hastea eta gerra egiteari uztea?

Efektuez gain, afektuak ere izango al dituzte teknologia berriek? Zientzia sukaldeetan sartu izanak efektu antiklimatikoa izango al du ala gastronomia beti lagundu duen espiritu hedonista mantenduko al da? Gure eguneroko bizitzan sartuko al ditugu teknika eta teknologia edo ez ikusiarena egiten dutenen lilurari lotuta jarraituko al dugu? Jakinduria zaporea bezain garrantzitsua bada, nola sozializatuko dute gastronomiako ikerketaren bidez eskuratutako ezagutzek?

——

Jakingo al du gastronomiak, monetizatzeko hain zailak direnez, balantze ekonomikoak inoiz handiagotzen ez dituzten balio ukiezinak defendatzen? Nola irudikatu ahalko dugu zerbitzuen sektorearen ikuspuntu ekonomizistatik proposatutakoa baino konplexuago den elikadura-kate bat (ostalaritza-jatetxe arloa-cateringa)? Zer ikuspegi erakutsi behar du gastronomiak ekosistemen kudeaketaren, elikagai-ekoizpenaren, elikagaiak prozesatzen dituen industriaren eta banaketa- eta komertzializazio-estrategien inguruan? Lortuko al du kontraesanak bateratzea edo kontrako ideologiak mahaian jartzea, biodibertsitatearen, ekoizpen jasangarriaren eta elikagai eta zerbitzuetarako irisgarritasun handiagoaren alde?

Nolakoak izango dira etorkizuneko ekintzaileak? Sormenaren eta berrikuntzaren premia handia duten sektoreetan beren adimena aplikatzen duten indibiduoak, elektroi askeak, izango al dira? Ekitea formatuekin esperimentatzea bada, nola imajinatu zer izango den jatetxe bat etorkizunean? Toki bat izango da al ala software itxura izango al du? Zer izen emango diogu ordenagailuaren aurrean suaren aurrean baino ordu gehiago ematen dituen sukaldari-ekintzaileari? Zer itxura berri hartuko ditu janariak erabat desmaterializatzen edo digitalizatzen denean? Eta, galdera guztien gainetik, nola sustatu guztiok eskuratu dugun prosumitzaile-egoera berria? Nola ulertarazi behar diogu gizarteari garai hauetan ekoizteko era erabakigarriena, hain zuzen, kontsumitzea dela? Supermerkatuko linealetik eraikitzen dugula gure mundua?

——

Jatea zerbait osoa, 3Dkoa edo murgiltzailea izango al da etorkizunean? Esperientziaren diseinu adimentsu baten bidez gure zentzumenak ez ezik gure pentsamendu eta emozioak ere menderatuko al ditu? Mahaikidea ahaldundu dadin, uler dezan eta goza dezan balioko al du edo torloju batekin lotuko al du aulkian, estimuluz nahasiz eta bere adimena baliogabetuz? Posible al da gastronomia adimenduna izatea mahaikide adimendunik gabe? Horren ildotik, ez al da jatearen inguruko jakintza, itxuraz hain hutsala dena, luxuaren gainbehera berria?

Zer zopa aterako da nahaspila honetatik?